Sinadura baten orrua

 

Antzerki taldekide batekin elkartu nintzen aurrekoan eta, hara, zorionak eman zizkidan. “Nola? Zergatik?”, galdetu nion erabat galduta. Berak ere halako harriduraz jaso zuen egun batzuk lehenago Amnesty Internationalekoen deia. “Gogoratzen duzu 2015ean Andra Mari Zuriaren plazan egin genuen Irango Lehoi Emeen aldeko performancea?”. Bai, bai gogoan nuen, nola ez ba! Arte Eszenikoen eskolan genbiltza orduan. Sinadura bilketa egiten ari zen AI, Irango legebiltzarrean eztabaidatzen ari ziren bi lege proiekturen kontra. Emakumeen eskubideen kontrako legeak biak; tartean, antisorgailuak eskuratzeko zailtasunak jarriko zituena.

 

 

 

Zer egin genezakeen guk? Sinaduraz harago esan nahi dut. (Barkatu mesfidantza baina zenbat gauzaren alde eta kontra sinatu dugu eta noraino heldu da oihartzuna? Bruselaraino eta buelta?) Tira! performanceak ez zuen aldarria kaltetuko. Sare bat jostea erabaki genuen, sare estu eta itorragi bat. Lege proiektu horiek aurrera egitekotan emakume horiek pairatuko luketen giza eskubideen urraketarena beste.

 

“Lege proiektuen tramitazioa etetea lortu genuela! Zorionak!”, berriro taldekideak. Estatu mailako sinadura bilketa izan zen hura, eta proportzioan Gasteizko AIk sinadura gehien lortu zuen taldea izan zen. Sareak, antza, emakumeei ordez, presioa eragin zion Irango parlamentuari. Eguberritako oparirik onena.

Josune V.M.
Publicado en la revista digital Alea-Gasteiz

Deja un comentario